XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...), pena arrasto bat sentitu zuen Mariak, baso bat esne hartuko zuen harekin eta segidan aterako zen, erabaki hartaz jeiki zen silatik eta galtza txuriak bilatu zituen, non sartu zituen?, komoda gaineko arropak besarkatu zituen eta ohe gainean zabaldu zituen, han ziren, zimur-zimur eginda, aldrebeski jantzi eta bere gelatik atera zen.

Muturra garbituta sukaldera sartu zelarik, ama bere txokoan jarrita nabaritu zuen, erdi-agurtu zuen baina harek ez zion deus erantzun, bere basoa jasoz bezperako esneaz bete zuen eta irratia instantean ematen ari zen notiziari erreparatu zion: Goizeko zortzirak baino lehentxeago, bere lanera zihoala kotxez, polizia nazionaleko tenientea zen Miguel Palomino Palacios hiru gaztek tirokatu eta hil dute Donostian... Pelos, bere lagunarekin gogoratu zen Maria: lehengo astean ikusi zuen, bere leihotik, poliziek herria hartu zuten eta hantxe, kantoi batean Pelos atxilotu zuten eta eskuak paretaren kontra zeukaten - bat etorri zen orduan, agintzen zuena behintzat, eta amorru bizian jo zion Pelosi barrabiletan ostikoa eta.

esan zion beste batek eta hura makur-makur eginda zutitu zelarik bizkarrean danba! danba!, bi tiro jo zioten, marka ederrak utzi zizkioten, eta jendea etxeetatik hasi zitzaien eta poliziak etxeetara tiroka....

Atentatuaren lekuan hiru kaskilo Parabellum bederatzi milimetrotakoak... Mariari, orduan, ez bait zekien nola, barru-barrutik atera zitzaion komentario sinplea: - Bat gutxiago!.

Espero ez zuena, amak erreakzionatu zuen, parrezka hasi bait zen, parre eroa harena, akaso Mariaren hitz sinple haiek nolarebait grazia egin ziotelako, akaso gelditzen zitzaiola uste zuen azkeneko alaba hura mintzatzen entzuteagatik soilik - (...).